XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Zapatandeiko Ilehoriari esaiok Txirrimirri hil dela.

Artzainak eginbeharra bete zuen eta Ilehori, albiste hau entzuterakoan, bapatean garrasi bat eginez betirako ezkutatu zen, bere lagunetara bilduaz.

Jentil txiki haren arrastorik ez zen gehiago izan.

JENTILEN BIZIMODUAZ OHAR BATZUK

Nire berriemaileak bere aitona Joakin Saralegiri entzuna dio Latosa, Zotaleta, Astarteta, Zabalegi, Angone, Etizegi eta abarreko haizpetan jentilak bizi zirela.

Erraizko mendi gailurrean labea zuten ogia egiteko eta honetarako Nafarroako Sakanatik ekartzen zuten irina.

Jentil batek, hamasei zezenen larruarekin egindako zakua irinez betea leporatzen zuen eta handiagoa ekartzea ere izango zuen bidean itxaroten jakin balu, jentilek ez baitzuten atsedena zer den ezagutzen.

Burdinaren berririk ez zuten eta honen ordez egurra erabiltzen zuten.

Egurrarekin zulatzen zuten haitzeko harri librea, harri bizia harrapatu arte.

Arrokan lortzen zuten haizpea beraien bizilekua izango zen.

Sua sortu zuten bi egur hartu eta batak bestea berotuz.

Lan hau neketsua zenez, sailak sutan jartzen zituzten.

Ordurarte, janaria gordinik jaten zuten.

Behiak jezten ere ez zekiten eta esnea edateko, beraien indarraren poderioz, ganadua hanka batetik altxatzen zuten eta errapetik edan.

Artaldeak bazituzten eta artzantzako ekintzari kasu egiten zioten.

Harrizko labanarekin behor basatiak hiltzen zituzten, labana sorbaldatik sartuaz.

Labana haiek zortzi arroba pisatzen zuten, hau da, ehun kilo bakoitzak.